miércoles, 7 de noviembre de 2012

PIKUROCK! (I)


Eta hemen daude. Hilabete bat borrokan eman ondoren, Pikurock-ean, poz pozik, musikaz gozatzen, adiskidetasunaz gozatzen, eta, noski, garagardoaz gozatzen.

Aste gogorra izan da bientzat. Jonek neska utzi berri du, duela bi hilabete. Baina mina oraindik sumatzen da. Anderrek, ordea, denboraldi luzean ez du neskarik izan, eta azkenaldian neskatxa bat beragatik interesatu egin da. Baina, hortaz jada hilabete bat pasa da.

Jon bi urtez egon zen neskarekin. Juerga gehienetan behar baino lehenago desagertuz, ez agertzen, edota afari eta ospakizun asko galduz. Juerga horietako gehienetan, Ander bakarrik geratzen zen, neskarik ez zuen bakarra baitzen koadrilla osoan. Ez zen harro egoteko moduko domina.

Juerga horietan erabat mozkorturik amaitzen zuen, bere ezagun eta lagunen aurrean lotsagarri, eta neskengana hurbiltzen zelarik, hauek ihes egiten zioten. Ez zen nazkante hurbiltzen zenetakoa, lotsatia zen. Edan behar zuen adorea lortzeko. Baina inoiz ez zuen neurriz edaten. Adorea zen aitzakia, baina bazegoen beste aitzakirik, gogor eta sakonagoa: bakardadea. Neskalaguna zuten lagunez inguratuta ikusten zuen bere burua, eta ezin zuen horrekin. Horregatik edaten zuen, mozkorraldian bakardadetik ihes egiteko. Eta behin, zeraman mozkorrarekin jakin ez zuelarik, neska batekin muxukatzen ari zen. Ez zekien nola iritsi zen puntu hartara, ez zekien nolakoa zen neska, eta hurrengo egunean ez zuen bere izena ere gogoratzen. Berez, ez zuen gogoratzen sikiera gustatu ote zitzaion.

Bi astetan ez zuten elkar ikusi. Bi aste horietan, Jonek bere neskarekin utzi egin zuen, eta animatzeko, koadrilako afari bat egitea erabaki zuten. Afalostean, ordea, guztiek alde egin zuten haien neskekin, eta Ander eta Jon bakarrik geratu ziren, garai zaharretan bezala, bietako batek ere neskarik ez zuenean.
Gaua aurrera joan ahala, gero eta gehiago mozkortzen, are okerrago pasatzen zuen Jonek, eta hobe Anderrek. Eta une jakin batean, Jon komunetik irten zenean Ander ikusi zuen, neska hura musukatzen. Ezer esan gabe, berokia hartu eta alde egin zuen. Ziur zegoen Ander ez zela konturatu ere egin.

Hurrengo goizean, Anderrek, ohitura zen moduan, galdetu egin zion watsapp bidez ea zer gertatu zen aurreko gauean, berreraikitzeko asmoz. Jonek, ordea ez zion erantzun. Beste mezu bat jaso zuen, ordea. Leire zelako baten zenbakitik. Atzokoa errepikatzeko nahian, geratzeko eskatzen ziona.
Joni kontatu zion, aholkua eskatu nahian, hasteko, ez zelako neskaz gogoratzen, eta, batez ere, hark egoera horiek hobe maneiatzen zituelako. Ez zen konturatu zenbat min egin zion horrek. Pentsa, bikoterik gabe geratzen zen azkenekoa ennobiatzeko bidean. Gehiegi zen harentzat. Horregatik, pikutara bidali zuen. Anderri ere ez zitzaion normala iruditu erreakzio hori. “Zu ennobiaturik egon zarenean neu bakar bakarrik egon naiz, juerga guztietan, tragotan ito nahian, eta zuk ez duzu nabaritu, ez zara kezkatu. Orain ni naiz pozik egoteko eskubidea duena. Zoaz ZU pikutara.”

Bi aste eman zuten elkar ikusi eta hitz egin gabe. Neskak erabat hartuta zuen Ander, eta Jon apenas irteten zen etxetik. Unibertsitatea hasi zirenetik, haurtzaroko lagun biek kontaktua galdu zuten, soilik asteburuetan ikusten zirelarik, eta orain, ezta hori ere.

Dena dela, eta kostatzen bazaio ere, Anderrek onartu behar du ez zegoela dirudien bezain gustura neskarekin. Jon izorratzeko egiten du, neurri batean. Konturatu da soilik mozkor dagoenean gustatzen zaiola, erakargarri egiten zaiola. Eta hala ere egunero hitz egiten du harekin, eta asteburu osoak elkarrekin ematen zituzten. Elkarrekin joan ziren bazkaltzera, elkarrekin afaltzera eta elkarrekin jaietara. Eta elkarrekin ohera joan aurretik ikusi zuen Anderrek Pikurock-eko kartela: Berri Txarrak, Su ta Gar, Bizardunak eta Tximeleta. Ezinhobea. Jonekin gogoratu da bat-batean. Berri ikaragarri maite du, berak Su ta Gar bezala. Gustatuko litzaioke berarekin joatea. Pena bat. Joan dadila pikutara. Komentatuko zion koadrilako beste baten bati.


Baina azkenean, koadrilakoak ez zituen deitu, ez zen haiekin egoten, eta Jon gero eta okerrago zegoen. Bost kilo galdu zituen bi asteetan, eta lo egitea pila bat kostatzen zitzaion. Hortaz, neke aurpegia zeraman beti. Unibertsitateko pasabideetatik ikusi zuen Anderrek, jendearen artean, mamu baten antzera, inorekin hitz egin gabe, burumakur, begi marroi ilunak are ilunagoak ziruditelarik, bekain beltzen azpian hondoratuta.
Egun horretan, lokartu ezin izan zena Ander izan zen. Ezin zuen burutik kendu Jonen irudia. Begi horiek betidanik alaiak izan dira, irribarre egin gabe ez du imajinatzen bere laguna izan ohi zena. Eta izango dena, argi eta garbi. Hurrengo egunean bertan hitz egingo zuen berarekin; unibertsitatean bilatuko zuen.
Gela kanpoan itxaron zuen klasea amaitu arte. Eta bertan egoteagatik ez zen berera joan. Berdin zitzaion, ordea. Ikusi duenean, dir-dir bat sumatu du Anderrek Jonen begi marroi ilunetan. Poztu da bera ikusteaz.
-     Aizu, barkatu duela aste pare bat egin nizunagatik. Orain, perspektibarekin ikusten dut oker jokatu nuela, gaizki zeundela eta min handia egin nizula. Barkaidazu.
-         Neuk ere txartoegi hartu nuen. Ez zen horrenbesterako. Zugatik poztu beharko nintzateke.
-     Ikusi duzu Pikurockeko kartela? Itzela da aurtengoa: Berri, Suta, Bizardunak eta Tximeleta. Joango gara zu ta biok? Garai zaharrak oroitzeko, neskarik gabe, “mano a mano”.
-          Bai! Baditut gogoak etxetik zerbait ateratzeko, ta koadrilakoek ez dute batere laguntzen…
-         Ados! Ba nire autoan joanen gara. Pasako naiz zure bila, hitz egingo dugu nola geratu erabakitzeko.

Eta hemen daude. Hilabete bat borrokan eman ondoren, Pikurock-ean, poz pozik, musikaz gozatzen, adiskidetasunaz gozatzen, eta, noski, garagardoaz gozatzen.
Katxia eskuetan dauka, eta trago eta trago artean, ingurura begiratzen du Anderrek. Momentu batean, neska koadrila bat pasa da. Azkenekoak goitik behera begiratu du, eskaner baten moduan, eta begitara begira esan dio:
-Guapo!
Garagardoa beste aldetik joan zaio eta eztulka hasi da. Neskak irribarre egin du. Anderrek beste aldera begiratu du eztulka egiteko. Berriro begiratu duenean, neska jada ez zegoen hor. Hala ere, bere hitz bakar horrek efektua egin du, eta gaua alaitu dio mutikoari. Poz pozik begiratu du oholtzara, bere talde gogokoena ikusten jarraitzeko. 

- Badakizu, Jon? Alkohola utziko dut. Edo behintzat dosia txikitu. 
- Eta hori?
- Nekatuta nago igandeetan ezertaz ez oroitzeaz, eta larunbat gauetan gauza lotsagarriak egiteaz.
- Adibidez? 
- Duela bi asteko neska horrena, esaterako. Berak ere soilik mozkor dagoenean maite nau. Hori ere utziko dut. Ez nau merezi! Eta gainera, ze demontre! Ez dut gustuko! jajaja 
- Hori da! Pikutara! Gaur gauean zu ta biok! A Fuego! Eta etorkizunean ennobiatzen bagara, ea hobe jokatzen dugun bata bestearekin …
- Bai, gauza bera uste dut! jajaja

Sorbaldatik pasa dio besoa Anderrek Joni. Hitzak soberan daude. Hemen daude, ta poztutzen dira, kantak zioen moduan.  

martes, 12 de junio de 2012

Etxera Bero


Ay ama… zelako mozkorra. Eskuetatik ihes egin dit honek. Afaria eta etxera, bihar mandatuak egin behar ditudala etxean, eta gero bazkaria daukadala … ya, ziur. Eta gainera jendea neskekin joaten hasia da. Non sartu dira hauek? 

Bah, pikutara, gaua gaztea da. Garagardo baten bila noa. Ez dakit zenbatgarrena jada.

Hauek ez daude inondik…  eh, itxaron, neska hori ezagutzen dut! Itsasoren koadrilakoa da! Beti esaten diot “begi berde handien neska ikusi dut”, eta berak esaten dit hark “begi urdinetako zure laguna ikusi dut” esaten omen diola. Hara! Eta hor dago ere Itsaso. Tira, bada garaia elkar ezagutzeko.

-Kaixoo! Zer moduz doa gaua?
-Hara! Josu! Nolatan hemendik? Galduta, beti bezala?
-Beno, orain ya ez! – begi bat kliskatu diet- Ze, ez didazu begi berdeen neska aurkeztuko o zer?
-Ah, egia! Josu, hauxe Lorea da. Jada ez duzue zertan begiengatik ezagutu behar, izenak badakizkizue!

Ordu erdi daramat hemen akoplatuta, eta ez da kexatu. Gustura dagoela dirudi, sumatzen da bera ere nahiko mozkorturik dagoela. Nahi gabe basoa bota diot, eta nire garagardoa eskaini diot.  Hasieran ezetz esan badu ere, azkenean onartu egiten du. Oso polita da. Errubia, begi berde handiak, piercing-a sudur txoan, eta oso irribarretsua. Eta eskertzen da, zeren oso irribarre polita dauka. Ez naiz nekatzen txorakeriak esateaz bat edo beste lapurtzeko.

-Aizu, Lorea, gu bagoaz, eh. – Koadrilako beste biak dira: Itsaso eta Ainara. Aurretik ezagutzen nituen jada. Aurrez aurre dauzkagu, Lorea ondoan dudalarik. – Zer egingo duzu zuk?

Niri begiratu dit. Begietara zuzen- zuzen. Bihotza gelditu egin zait.

-Zuk zer egingo duzu?
-Ni hemen geratuko naiz, nahi duzun arte.- Irribarrea bueltatu diot. Ez dut sinesten hori esateko gai izan naizenik. Alkoholak hitz egin du, ez nik, argi dago. Are eztiago irribarre egin dit.

-Neskak, zoazte etxera. Ni hemen geratuko naiz. – Albora begiratu du, niregana, eta zerbait esan die belarrira. Ni enteratu ez naizeneko plantak egin ditut. Ezin dut sinetsi. Egina dago hau!

Koadrilan lege bat daukagu. Baten bat neska batekin geratzen bada, eta besteak etxera joan nahi badu, izorra dadila, etxera bakarrik. Ligatzea lortu duenak immunitate absolutua dauka. Baina, badirudi nesken koadriletan ez dela horrela.Ez, behintzat, honetan.

Lorearekin ari dira hizketan, txutxumutxuka. Nik beste alde batera begiratzen dut, baina honek ez dauka itxura onik. Halako batean, borobila pixka bat ireki dute, eta sikiera bi muxu eman gabe, hirurak badoazela esan didate.

-Agur!- esan dit Loreak, irribarre triste batekin, etsita balego bezala, etxera beharturik doan seinale. Hau ere, txarrerako, ezin dut sinetsi. Ezin izan dut erantzun, ahotsa trabatu egin zait. Hiru neskak aldentzen dira.

Eta hementxe nago ni, kriston tonto aurpegiarekin, garagardo bat eskuan, eta sekulako beroaldiarekin. Ezinezkoa da. Egina zegoen! Pikutara, banoa etxera. Menudo par de brujas...